ERLIJIOA ESKOLAN: OINARRI LEGALA

GIZA ESKUBIDEEN ALDARRIKAPEN UNIBERTSALA (1948)

Ikus Aldarrikapen Unibertsala

18. atala

Pertsona orok pentsamendu-kontzientzi eta erlijio-askatasunerako eskubidea du; eskubide horren barne da erlijio edo sinesmena aldatzeko askatasuna eta baita norbere erlijioa edo sinesmena bakarka nahiz taldean, jendaurrean edo pribatuan irakaskuntzaz, ihardueraz, kultuz eta aginduak gordez azaltzeko askatasuna ere.

26. atala
1. Pertsona orok du hezkuntza-eskubidea. Hezkuntza dohainekoa izango da oinarrizko ikasketei dagokienez behintzat. Oinarrizko ikasketak egitea derrigorrezkoa izango da; heziketa teknikoa eta lanbiderakoa, orokorra; eta denek izango dute goimailako ikasketak egiteko aukera bera, norberaren merezimenduen arabera.
2. Hezkuntzaren helburua giza nortasuna guztiz garatzea izango da eta giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetua indartzea; herrialde, arraza eta erlijio guztien arteko elkar-ulertze, jasankortasun eta adiskidetasunaren alde egingo du; eta Nazio Batuen iharduna bultzatuko du, bakeak iraun dezan.
3. Gurasoek lehentasunezko eskubidea izango dute seme-alabei emango zaien hezkuntza mota aukeratzeko.

30. atala
Aldarrikapen honetan jasotako ezertan ezingo da ulertu Estatuari edo talde edo norbanakoren bati Aldarrikapen honetan bertan adierazitako edozein eskubide eta askatasun deuseztatzeko ekintzak edo ihardunak burutzeko eskubidea ematen zaionik.

 

 

IRAKASKUNTZAREN ARLOKO DISKRIMINAZIOEN AURKA BORROKATZEARI BURUZKO KONBENTZIOA

429 U.N.T.S. 93, 1962ko maiatzaren 22an sartu zena indarrean (UNESCO)

1. artikulua

1. Konbentzio honi dagokionez, «diskriminazio» hitzarekin adierazi nahi da arrazan, kolorean, sexuan, hizkuntzan, erlijioan, iritzi politikoan, beste edozein motako iritzian, jatorri nazional edo sozialean, egoera ekonomikoan edota jaiotzan oinarrituz egindako bereizketa, bazterketa, mugaketa zein lehentasun oro, irakaskuntzaren arloan tratuaren berdintasuna urratu edota aldatzea duenean helburu edo ondorio.

ESKUBIDE ZIBIL ETA POLITIKOEN NAZIOARTEKO ITUNA (1966)

18. artikulua

1. Pertsona guztiek pentsamendu-, kontzientzia- eta erlijio-askatasuna dute; eskubide horrek bere baitara bilduko du euren aukerako erlijioa edo sinesmenak izan edo bereganatzea, bai eta euren erlijioa edo sinesmenak banaka edo kolektiboan agertzeko askatasuna ere, jendaurrean nahiz modu pribatuan, kultu, errituospakizun, eginera eta irakaskuntzaren bidez.

2. Inork ez du neurri hertsagarririk jasango, halakoek kaltetu dezaketenean norberaren askatasuna, aukerako erlijioa edo sinesmenak izan edo bereganatzeko.

3. Norberaren erlijioa edo sinesmenak agertzeko askatasunaren muga bakarrak izango dira legeak ezarritakoak, halakoak beharrezkoak direnean segurtasuna, ordena, moral edo osasun publikoak edo gainerakoen oinarrizko eskubide eta askatasunak babesteko.

4. Itun honetako estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute, errespetatzeko gurasoen askatasuna, eta, hala denean, legearen araberako tutoreen askatasuna, seme-alabei eskain diezaieten euren pentsaerekin bat egiten duen erlijio- eta moral hezkuntza.

ESPAINIAKO KONSTITUZIOA (1978)

Ikus Konstituzioa

14. artikulua

Espainolak legearen arabera berdinak dira eta ezin da onartu diskriminapenik, jaiotze, sexu, erlijio edo beste baldintza edo egoera pertsonal edo sozialagatik.

16. artikulua

1. Pertsonen eta komunitateen askatasun ideologiko, erlijioso eta kultura askatasuna garantizatzen da, berarien agerpenetan muga bakar bat izanik, hots, legeak babesten duen ordenu publikoaren jagoterako behar dena bakarrik.

2. Ezin izango da inor behartu bere ideologia, erlijio edo sineskizunei buruz aitortzena.

3. Inolako sineskerak ez du estatu zeinurik izango. Botere publikoek kontutan hartuko dituzte Espainiako gizartearen sineskizun erlijiosoak eta Eliza katoliko eta beste sineskerekin lankidetza harremanak izango dituzte.

27. artikulua

1. Guztiek dute hezkuntzarako eskubidea. Irakaskuntzaren askatasuna aitortzen da.

2. Hezkuntzak, helburu bezala du, giza nortasunaren aurreramendu osoa, bizikidetasun printzipio demokratikoak errespetatuz eta baita behin-behineko eskubide eta askatasunak ere.

3. Botere publikoek gurasoei dagokien eskubidea garantizatuko dute haien seme-alabek hezkuntza erlijioso eta morala har dezaten beraien uste sendoei dagokien bezalaxe.

LEGE ORGANIKOA ERLIJIO-ASKATASUNARI BURUZKOA (1980)

Ikus legea

2. artikulua

1. Konstituzioak bermatutako erlijio- eta kultu-askatasunera biltzen da, derrigortze-ukiezintasunarekin bildu ere, pertsona orok duen eskubidea:

a) Askatasunez aukeratutako erlijio- -sinesmena izateko edo erlijio-sinesmenik ez izateko; erlijioz aldatzeko edo aurretiaz izandakoa uzteko; nork bere erlijio-sinesmenak izatea edo erlijio-sinesmenik ez izatea askatasunez agertzeko, edota horien inguruko adierazpenik ez egiteko

b) Nork bere erlijioko kultu-jardunak gauzatzeko eta erlijio-laguntza izateko; nork bere erlijioko jaiak ospatzeko; ezkontza-errituak egiteko; ehorzketa duina izateko, erlijio-arrazoien ondoriozko bereizkeriarik gabe, eta nork bere pentsaeraren aurka kultu-jardunak gauzatzera edo erlijio-laguntza izatera behartua ez izateko.

c) Era guztietako erlijio-heziketa eta -informazioa jaso eta emateko, ahoz, idatziz edo beste edozein bide erabiliz; norberarentzat eta norberaren mende dauden adingabeko emantzipatugabe eta ezgaituentzat, eskola-esparruan zein eskola-esparrutik kanpo, norberaren pentsaerarekin bat datorren erlijio- eta moral-heziketa aukeratzeko.

d) Erlijio-helburuekin biltzeko edo jendaurreko agerraldiak egiteko eta norberaren erlijio-jarduerak komunitatean gauza daitezen elkartzeko, antolamendu juridiko orokorrarekin eta lege organiko honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Orobat, erlijio- eta kultu-askatasunera biltzen dira eliza, konfesio eta komunitate erlijiosoek dituzten eskubideak, erlijio-helburuekin kulturako eta bilerak egiteko tokiak ezartzeko, euren ministroak prestatzeko, euren sinesbidea ezagutarazi eta zabaltzeko, eta euren erakundeekin nahiz beste konfesio erlijioso batzuekin harremanak izateko, nazioaren lurraldean edo atzerrian.

3. Eskubide horien aplikazioa benetakoa eta eragingarria izan dadin, botere publikoek behar besteko neurriak hartuko dituzte, establezimendu publiko, establezimendu militar, ospitale, laguntza-izaerako establezimendu, espetxe eta euren mendeko beste establezimenduetan erlijio-laguntza ahalbidetzeko, bai eta irakaskuntza-zentro publikoetan erlijio-heziketa ahalbidetzeko ere.